XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Erran bazuen erran, handik astea gabe jakinarazten zion Baionako Suprefet Jaun zilarreztatuak, paga khendua zitzaiola, zeren Errepublika arthiki beharrez mintzatu zen!.

- Arthiki... Errepublika? To! arthik errecha duk horien Errepublika, phedeiku batez nik hola arthikitzekoa balimbada!....

Eta irri baizik ez zuen egin lehenik Jaun Erretorak, Jainkoak, Aphezpikuak eta barneak laguntzen zutelakotz bere nahigabean.

Bainan, gero, ahapetikako solasño batzu heltzen zaizko beharrietara.

Orhoitzen da, phedeiku lazgarria bururatu zenean, Jaun Errientak, aintzineko igandean, ithoka, bi jauziz, bi ahapaldiz eman zuela Credo guzia, bururen buru, zintzur idor idor batean.

Eta gero, bazkaitean, bertze aldietan baino biziki chuhurkiago erran zuela bere bethiko Amen pullita!....

Hots, choria aldachka batetik bertzera bezala, elhe batetik bertzera, gogoeta batetik bertze gogoeta batetara, hor, eta dudamudarik batre gabe, seguratzen da gure Jaun Erretora, Bilbil Errienta duela salatari higuina, herri guziak ja begietan duen salataria....

Sugerik nork egundaino hazi du bere etchean?....

Jaun Errienta ez da gehiago charamelan ari herriko elizan.

Bizpahiru gizon gazte eman dira, han, kantorean, eta inharros aldi onik emaiten diote eliza chaharrari, Jainkoak egiten dituen igande guziez!.

Jaun Errienta ez da gehiago herriko segretario gichen; ordain bat eman diote, eta akabo pekada, ahate, oilo, oilaskoak!.

Jaun Errienta ez da gehiago Jaun Erretoraren etchean gomit igandetan!....

Pareta bat arte bizi baitira biak, etcherat heldu zaio aphezak bere kantari gazteekin jaten dituen aphairu onen usain michteriozkoa.